Leonid Kadeniuk
Leonid Kostiantinovitx Kadeniuk —ukraineraz: Леонід Костянтинович Каденюк— (Klixkivtsi, Txernivtsiko oblasta, Ukraina, 1951ko urtarrilaren 28a - Kiev, 2018ko urtarrilaren 31) kosmonauta eta Ukrainako diputatu izan zen. Sobietar Batasunaren osteko Ukrainako lehen kosmonauta izan zen. NASAren Columbia espazio-ontzian espazioratu zen nazioarteko STS-87 misioaren partaide bezala. Kadeniuk Ukrainako Aire Armadaren maior jenerala zen.
Kadeniuk karrerako pilotu sobietarra zen. Sobietar Aire Armadan hasi eta 1976an Sobietar Kosmonauten Talderako hautatu zuten. Sobietar Batasunaren desegitearen ondoren, Kadeniuk Errusiako Espazio Armadan geratu eta errusiar herritartasuna hartu zuen. 1995ean, Ukrainaren lehenengo espazio-misioa prestatzen ari zirenean, misioan parte hartzeko bere burua boluntario aurkeztu zuen eta bere sorterrira itzuli zen.
Misiorako hautatze-prozesuan Kadeniuk beste hautagaiari, espazio gaietan aditua den Jaroslav Pustovi zientzialari zibilari hain zuzen, gailendu zitzaion bere prestakuntza zela eta.
Espazio-bidaiaren ondoren Kadeniuk Ukrainako espazio-programan jarraitu zuen NKAUn.
2002ko Ukrainako Parlamenturako Hauteskundeetan Verkhovna Radarako hautatu zuten Leonid Kutxmaren aldeko Ukraina Batuaren Alde! alderdiaren zerrendan. Ondoren, Langileen Ukraina - Industrialariak eta Enpresaburuak fakzioan sartu zen. Parlamentuko Defentsa eta Segurtasun Nazionalaren Batzordean lan egin zuen.
2006ko Ukrainako Parlamenturako Hauteskundeetan Litvinen Herri Blokearen 3. hautagaia izan zen. Alderdiak botoen %2,44 besterik ez zuen lortu eta %3-ko muga gainditu ez zuenez, ez zuen ordezkaririk lortu parlamentuan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leonid Kadeniuk |